Irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundea da Peñascal Kooperatiba, 1986az geroztik onura publikotzat aitortua. Hainbat arrazoi pertsonal, akademiko edo sozialengatik gizartean bazterturik edo baztertzeko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzea du helburu. Horretarako, haien prestakuntza eta kalifikazio profesionala, lan aktibazioa eta enpleguaren sorrera lantzen dituzte, elkartasunezko eta herritartasunezko jarrerak eta balioak sustatuz eta motibazioa aurkitzen lagunduz, pertsonak gizarteko protagonista aktiboak izan daitezen.
Horrez gain, DBHko titulua bukatu ezinean daudenentzako Tolosaldean aurkitzen den irtenbide bakarra ere bada.
«Ikasi lanean» esamoldea erabiltzen dute lema moduan. Metodo pedagogiko berritzailea garatzen dute, praktiketan oinarritutakoa, eta beraientzat ezinbestekoa da familiekin harreman zuzena eta etengabea izatea. Benetako tailerretan eta guneetan ikasten dute, klase praktikoei garrantzi berezia emanez. Metal artolan esaterako, galdaragintza lantzen da, benetako lanak burutuz. Eta sukaldaritzan berriz, Leaburuko Ostatu jatetxean jorratzen da praktikaldia, eguneko menuarekin.
Oinarrizko maila eskaintzen da Peñascal-en eta bi ikasketa lerro dituzte: Elementu metalikoen fabrikazioa eta, sukaldaritza eta jatetxe-arloak.
Prestakuntzaren arloko jarduerak izateaz gain, enpleguarekin konprometituta dago Peñascal; bitartekari lanak egiten dituzte enplegu zerbitzuekin eta enpresekin, eta gizarteratze enpresak sortu eta kudeatzen dituzte.